Google-n bistaratzen den Street View autoa
Street View probarako proiektu legez abiarazi genuenean, auto arrunt batean zenbait ordenagailu kargatu, eta kamerak, laserrak eta GPS gailuak sabaian jarrita hara-hona gidatu genuen autoa lehenengo irudiak jasotzeko. 2007ko maiatzean aurkeztu genuen Street View, AEBetako sei hiritako irudiekin, eta gaur egun zazpi kontinenteetako kokapenen 360 graduko irudi panoramikoak izatera iritsi gara.
Aurkezpenaren ondoren, furgoneta batean ibili ginen aldi batez. Eta gero, hainbat auto eskuratu genituen, proiektua AEB guztietara eta mundu osora zabaltzeko. Ordenagailu-multzoak utzita auto bakoitzean ordenagailu bakarra izatera igaro ginen. Ostean, kamera-sistemak hobetzeko lanei ekin genien, bereizmen handiagoko irudi panoramikoak hartu ahal izateko.
Autoetako eta kameretako teknologia zenbait aldiz aldatu eta gero, gure azken autoak 15 lente ditu 360 graduko argazkiak hartzeko. Mugimendu-sentsoreak ere baditu, kokapena zehazteko; bai eta disko gogor bat ere, datuak gordetzeko; horrez gainera, ordenagailu txiki batek darabil sistema, eta laserrek 3D datuak biltzen dituzte, Street View-ren irudien arteko distantziak zehazteko.
Dan Ratner triziklo motorduna gidatzen, Googleplex inguruan
Street View autoan munduko txoko zoragarriak bisitatu baditugu ere, lekurik interesgarrienetako eta dibertigarrienetako batzuetara ez dago autoz iristerik. Mendi-bizikleta praktikatzen ari zela, Dan Ratner ingeniari mekanikoari ideia bat bururatu zitzaion: gustuko kirola eta Street View konbina zitzakeen leku berriak esploratzeko. Bada, kamera-sistemaz hornitutako bizikleta eraikitzeko lanetan hasi zen. Hala, triziklo motorduna parkeetara eta bidezidorretara, unibertsitate-campusetara edo kirol-estadioetara sartu ahal izan dugu.
Elurretako motorra Whistler-en
Hiru gurpileko bizikleta leku interesgarri horietara guztietara eraman ondoren, zein beste lekutan zehar ibil gintezkeen hasi ginen pentsatzen. Hortaz, Street View ekipamendua elurretako motor batean jartzea otu zitzaigun. Google-ren ohiko estiloari jarraiki, asteburu gutxiren buruan prest izan genuen dena, 2x4ak, zinta itsaskorra eta eski jaketan bildutako zenbait disko gogor osagarri erabiliz. Zorionez, Whistler Blackcomb-en irrikaz beteta ibili ziren denak, eta horra hor: Whistler Street View-n ikusgai.
Dan Ratner eta Matt Williams, Amsterdameko Van Gogh museoan
Google-ren erabiltzaile artezaleek Street View teknologia munduko zenbait museotara eraman nahi izan zutenean, sistema berria behar izan genuen, museoetako ateetan zehar igaroko zena eta eskulturen inguruan modu egokian ibiliko zena. Ekipamendu osoa askoz leku txikiagoan egokitu genuen, eskuz gidatzeko egoki prestatutako gurditxoan, alegia. Bada, iruditegia gorde genuen, Google Maps-en eskuragarri izan zenezaten.