Street View irudiak Google Maps-en zurekin partekatzeko, gogor egin du lan ingeniari taldeak oihalaren atzean. Hona hemen, Street View erabilgarri izan dezazun taldeak egiten duen lanaren errepaso orokorra:
Lehenik, han-hemen gidatu beharra dago, Street View-n erakutsi gura diren kokapenen argazkiak egiteko. Gidaldia prestatzean, arreta berezia egiten diogu eguzkiari; izan ere, eguzkia nahikoa altu egotea funtsezkoa da itzalek ez ditzaten eraikinak ilundu. Eguraldiari eta tenperaturari ere erreparatzen diegu, ez baitugu nahi elurrak, lainoak edo euriak errepide-arazoak zein irudi lausoak eragin ditzaten.
Argi eta eguraldi egokiekin gidatzeko, Estatu Batuetan ari garenean kasurako, hegoaldeko estatuetan hasten gara, eta iparraldera egiten dugu, epelera; negua datorrenean, atzera abiatzen gara hegoaldera. Europan, ostera, Italia hegoaldean hasten gara, eta apurka-apurka goraka egin, Suediara.
Orduan, zein lekuren argazkiak egiten hasi erabaki behar izaten da. Street View hirigune handietan dabilen jende askorentzat erabilgarri izango denez, bertan hasten gara gidatzen. Ohi denez hiriaren erdigunean hasten gara, inguru ezagunenak biltzeko; gero abiatzen gara kanpo aldera.
Irudiak hartu direneko leku bertsuan jarri behar dira, Street View erabiltzean leku jakin horretako irudia ikus dadin. Horretarako, autoko sentsoreen seinaleak (GPS sistemetakoak barne) eta monitoreak erabiltzen dira, abiadura eta norabidea neurtzen dituztenak.
GPS gailuak autoaren kokapen zehatza ematen digu uneoro, baina zenbaitetan, dena delako baldintzengatik (eraikin garaiak, kasurako), seinalea blokeatu egiten da. Halakoetan, hutsak betetzeko, bestelako sentsoreetako informazioa darabilgu. Autoaren ibilbidea zehatz berreraiki daiteke seinale horiek konbinatuta.
Badakigunez marraren zein lekutan eta zein norabidetan atera den argazkia, irudi bakoitza kokapen zehatz bati lotzen zaio. Hala, irudiak lerrokatu edo okertu egin daitezke, baita inguru malkartsuetakoak ere.
Street View-erako argazkiak ateratzen ari garenean, ez dugu irudirik gabeko tarterik utzi nahi; beraz, autoaren alboetan ere kamerak ditugu, gainjartzen diren irudiak hartzeko. Gainjartzea igarri ez dadin eta 360 graduko irudi eten gabekoa sortzeko, irudiak elkarrekin "josten" dira.
Sistemako kamera guztien geometria ezagutzen dugunez, badakigu zehazten irudietako zein puntutan "josi" behar diren hurrengoak etenik gabeko panorama osatzeko. Gero, irudiak prozesatzeko algoritmo bereziak aplikatzen dira, irudiak lotzen direneko "josturak" disimulatzeko eta trantsizio egokiak sortzeko.
Hona hemen jatorrizko argazkiak:
Orduan, argazkiak lotzen dira, etengabeko panorama osatzeko:
Badirudi irudi hau desitxuratuta dagoela, izan ere, forma esferiko baten errepresentazio zapala da. Imajinatu nolako itxura izango lukeen munduaren bolak pieza bakarreko paper batera zapal ekarriko bagenu.
Ondoren, irudiak esfera batean proiektatzen dira, eta egiazkoak bailiran ageri dira Street View-n.
Alderdi
askori begiratu behar zaie erakutsi beharreko irudi egokia zein den erabakitzeko.
Pegman mapan hara-hona mugitzen duzunean, bat egingo duen panorama hurbilena zein ote
den kalkulatzen dugu, eta haren irudi zati bat eskaintzen dizugu arakatzaile. Bestelako
angeluetako ikuspegiak izateko mugitzen zarenean, 360 graduko panorama bereko gainerako
zatiak kargatzen dira.
Kale batean behera zoazela, mugitzen ari zaren artean zein irudi erakutsi behar dizugun zehaztu behar izaten dugu. Horretarako, autoan bildutako seinaleak, adibidez hiru laserren seinaleak, hartzen dira oinarritzat. Azalera jakin batekin jotzean laser-izpien islak zenbateko abiadan jasotzen diren neurtuta, eraikin bakoitza zenbateko distantzian dagoen jakin dezakegu. Hartara, 3D ereduak sortzen ditugu. Sagua distantzia jakin batera dagoen inguru batera mugitzen duzunean, 3D ereduaren bitartez zehazten da kokapen horretarako eman beharreko panorama egokiena.
Google Earth-en datu berberak darabiltzagu, Street View-eko irudiak 3D ereduetan proiektatzen ditugularik sakonera sentsazioa sortzeko.
Aurpegierak eta autoetako matrikulak lausotzeko teknologia berritzailea ere badarabilgu, argazkietan agertzen diren oinezkoak eta autoak identifikagaitzak izan daitezen. Irudiak lausotzeari buruzko informazio gehiago lortzeko, joan gune honetako pribatutasuna atalera.